domingo, 10 de mayo de 2009

LOGOA

Logoa egiteko hasierako ideiak, material ezberdinetatik sortu genituela esan dezakegu; eskolan egunerokotasunean erabiltzen diren materialak, eta horien artean, protagonista klip-a izan zen. Hala, gure bozetoetan forma borobilduak eta irregularrak isladatzen ziren. Ez genuen ideia hori oso garbi ikusten, izan ere, telebistarako logo batek garbiagoa edota zehatzagoa izan behar zuela iruditu zitzaigun.

Ordurarteko gure bozetoak alboratu, eta eskolan erabiltzen diren forma, tamaina eta kolore ezberdinetako gometxetara jo genuen. Eta honekin bai, forma zuzenak, garbiak nahiz ulerterrazak lortu genituen.

Ondoren, aukeratzeko unea iritsi zaigu; deskartea erraza izan da, ez ordea, azken hiru “hautagaietatik” bakar batekin geratzea. Forma aukeratu ostean, kolorearen txanda izan da eta honetan bai, berehala eta aho batez onartu dugu, gorria eta beltza izango zirela kolore nagusiak.

Horra-hor emaitza: logotipo argi, polit eta serio xamarra!!!

jueves, 23 de abril de 2009

HAURREN MARRAZKI GARAIAK

Aurreko astean Estitxuk ikasleen etapa ebolutiboak zeintzuk diren eta bakoitzaren ezaugarriak azaldu zizkigun. Bertan ,haurren marrazkiek izan ohi duten prozesuaren eta hauen adierazpidearen inguruko azalpenak entzuteko aukera izan genuen eta baita marrazki horiek nola begiratu behar genituen ere. Egia esan, oso interesgarria izan zen; askotan helduok pentsatzen dugu guztiaren jakitun garela baita haurrak adierazi nahi duen horrena ere eta hori noski, ez da horrela!
Estitxuk egindako aurkezpenaren ondoren, gure praktikaldian zehar jaso ditugun hainbat marrazki aztertzeari ekin diogu eta hona hemen gure usteak edo hausnarketak; ez bazaudete ados, lasai esan eta ea gure blog honi saltsa pixka bat ematen diogun!
Lehenik eta behin, 3 urteko haurrek egindako marrazkiak aztertu ditugu eta marrazki guztien artean bi aukeratu ditugu.
Igorren marrazkia karabaketa desordenatuan kokatu dugu izan ere bertan ikus daiteke marrazten dituen lerroen kalitatea desberdina dela, hots, batzuetan marra lodiak egiten ditu eta beste batzuetan finak. Bestalde, marrazkia erreparatzen badugu, bi kolore besterik ez ditu erabili eta zenbaitetan bigarren kolore hori irakasleak zirikatuta hartzen du, bestela, margo bakarrarekin egin ohi ditu marrazki guztiak. Horrez gain, marrazten duen bitartean askotan beste aldera begiratzen du egiten ari den horretan arreta jarri gabe eta horren ondorioz askotan orrialdetik ere irten egiten da. Margoak ez ditu behatzen artean hartzen esku osoarekin baizik eta hori dela eta margoa behin hartu ondoren, eskua ez du orritik altxatzen, etengabe marrazten du eta mugimendu handiak egiten ditu.



Itziarrek ere 3 urte ditu baina bere marrazkia arretaz aztertuz gero, karabaketa kontrolatuaren etapan kokatu dugu.
Kolore ezberdinak erabiltzen ditu eta gustuko du gainera ahalik eta kolore gehien erabiltzea; gainera kolorea formen bereiztzaile modura erabiltzen duela dirudi. Bere marrazkian ikusten den moduan, orrialde osoa betetzen du baina kanpora irten gabe; beraz, marrazkiengan kontrol bisuala duela antzematen da; hau da, badaki noraino marraz dezakeen eta hori adierazi nahian edo marko moduko bat egin dio marrazkiari. Horrez gain, karabaketa berdina behin baino gehiagotan errepikatuko du eta marraz luzeak ere egiten ditu.




Aurreko arrazoi guztiak kontuan harturik, 4 urte dituen Ainararen marrazkia ere etapa honetan kokatuko genuke. Ainarak ere kolore ezberdinak erabiltzen ditu marrazkia egiteko eta orrialde osoa betetzeaz gain karabaketa berdinak errepikatzen ditu.




4 urte dituen Gorkaren marrazkia aztertuta, marrazkia intentzio batekin egin duela ikus dezakegu; beraz, izena duen karabaketaren barruan kokatu dugu; bertan, Gorka marrazkia eta objektuaren artean erlazio bat egiten saiatzen da. Irudiak soilik ikusita, helduak ziurraski ez du ulertuko bertan irudikatu duena baina Gorkarekin hitz egin ondoren berak irudi hori objektu batekin erlazionatu duela konturatu gara. Bertan, bere inguruneko elementuak errepresentatzen saiatu da, bere ikastola, etxea, bien arteko bidea, ikastolaren inguruan dagoen mendia…




Anerrek ere 4 urte ditu eta bere marrazkia garai aurreskematikoan kokatu dugu. Bertako marrazkian gizakia errepresentatzen hasten da eta horretarako batez ere borobil forma erabiliko du. Borobilaren bidez, buruaz gain, hankak eta eskuak irudikatzen ditu. Horrez gain, inguruan duena errepresentatzen saiatzen da eta bere burua erdian kokatzen du, guztiaren zentrua izango balitz bezala. Koloreari dagokionean, hainbat kolore erabiltzen ditu eta garain honetan kolorearen erabilera bigarren mailakoa baldin bada ere, marrazki honetan bada kontu bat atentzioa deitu diguna. Marrazkiaren beheko zatiari erreparatzen badiogu, lur lerroa berdez margotu duela ikus dezakegu eta horrekin mendian edo belarrean dagoela irudikatu nahi izan du; horrez gain, orrialdearen goialdea urdinez margotu du, beraz, zeruaren kolorea marraztu nahi izan du. Azken bi datu hauek erakusten digute, Anerren marrazkia garai aurreskematikoan kokatzen bada ere, garai eskematikoko zantzu batzuk ere badituela; izan ere, kolorea objektiboki erabiltzen saiatzen da.



Garaziren marrazkia aztertzen badugu, hainbat eta hainbat irudi behin eta berriz egiten dituela ikus dezakegu, adibidez, loreak edota leihoak ;horrek esan nahi du irudi horien marrazketa menperatu egin duela eta horregatik behin eta berriz saiatzen da irudi bera egiten. Horrez gain, marrazkian ikus daitekeen moduan, gaztelu handi bat egin du eta gaztelu barruan altxorra; altxorrean bertan dagoen dirua eta lepokoa eta goialdean dagoen urrea marrazteko kolore objektiboak erabiltzen saiatu da. Alde batetik, dirua hori kolorez egin du eta urrea hori kolore ilunagoz; lepokoa berriz arrosaz margotu du eta altxorra biltzen duen kaxa marroiez, egurrezkoa balitz bezala. Gazteluko atea ere marroiez margotu du egurrezkoa balitz bezala irudikatuz. Beraz, zehaztasun hauek guztiak kontuan harturik, Garaziren marrazkia etapa eskematikoan kokatu dugu, izan ere, bere marrazkien bidez informazio asko eskaintzen digu.


domingo, 29 de marzo de 2009

WEB GUNEAK ARAKATZEN


Artea eta hezkuntzarekin lotutako web gune batzuk bisitatzeko aukera izan dugu. Harrituta geratu gara erabat! Zenbat baliabide ote daude artea eta hezkuntzari lotutakoak?
Hauek ere ez genituen ezagutzen eta bisitatu ondoren zur eta lur geratu gara. Artea lantzeko eta zaletasun hori bultzatzeko baliabide asko daudela ikusteko aukera izan dugu eta egia esan denbora gehiago ere beharko genuke web gune horietan benetan dagoena aztertu eta hausnartzeko.
Hala ere lehenengo bistadizoan pertsonalki nahiz eskola bateko proiektu gisara baliabide ezin hobeak daudela ikus dezakegu. Guk jakin gabe, dagoeneko ideiak eta proiektuak sortuak daude eta bertatik ikastea eta ahal bada, bertakoa hobetzeko aukera ezin hobea eskaintzen digute. Gainera, web gune asko norbere beharretara egokitzen da, izan ere, askok, Guggenheim museoko orriak adibidez, bezero tipologiaren araberako eskaintza egiten du Haurrentzako adibidez, jolasak daude, inprimatu eta koloreztatzeko plantillak etab... Horretaz aparte, hainbat artistei ikasleek egindako elkarrizketak ere ikusgai daude eta horiek ere oso baliagarriak dira, mundu horretara gerturatze aldera.
Bestalde, web gune hauetan artea ez da gauza isolatu bat. Arteak gure eguneroko errealitatearekin, bizitzarekin lotura zuzena du eta lotura horren isla da hain zuzen ere artea ikasbidea web gunea. Bertan ikastetxeetan lantzeko unitate didaktiko batzuk eskaintzen dira eta artearekin lotura zuzena izateaz gain, matematika, literatura eta beste hainbat ikasgaiekin lotura egiten da.
Web gune hauek elkartrukerako gune direla esan beharra dago; izan ere, guztiek eskaintza bat, azalpen bat egiten dute eta proiektu ezberdinen erakusleiho denez, proiektu horiek beste hainbat tokitan martxan jarri edo proiektuak osatu edo hobetzeko aukera ematen dute.
Bestelako hainbat web gunetan ere ibili gara saltseatzen. Egia da gehienak helduei zuzenduta daudela, adibidez, Kubo-kuntxaren web gunean erakusketen informazioa ematen da baita Artium museoak ere baina tartean badaude haurrei zuzendurikoak ere, Pepe Caceres eta Artekids esaterako. Bertan haurrekin nola lan egiten den ikus dezakegu eta oso interesgarria iruditu zaigu.
Beraz, ezer egiten hasteko ez dago hutsetik abiatu beharrik; hala nahi bada noski! kontua da, baliabide ugari ditugula gure inguruan eta askotan ezagupen faltagatik ez ditugula baliatzen. Beraz, aprobetxatu dezagun inguruan duguna eta besteek egiten dutena ere baliagarri eta egokia ikusten badugu, aprobetxa dezagun!

martes, 17 de marzo de 2009

KOLDO MITXELENARA BISITA

Pasa den ostiralean, martxoaren 13an, Koldo Mitxelenara joan ginen. Egiten zuen eguraldiarekin bidean desbio bat hartzea ere barkatzeko modukoa izango zen, baina, ez, ez ginen desbideratu eta txintxo txintxo han ginen Koldo Mitxelenako atatian esandako orduan.
Behin barruan, lehendabizi bertako pedagogia saileko koordinadorak, uste dut, beno berdin dio, neska maja batek museo desberdinen inguruko azalpenak eman zizkigun. Munduan zehar museo desberdinetan burutzen ziren zenbait proiekturi buruzko zertzelada batzuk eman zizkigun, azaletik, eta gero link desberdin asko eman zizkigun, eta bertan informazio interesgarria bilatu dezakegu. Egia esan, oraindik ez ditugu link horiek gehiegi begiratu, baina, egun hauetako batean emango diegu begirada sakonago bat eta topatzen dugunaren berri emango dugu.
Azalpenen ondoren, erakusketa aretora joan ginen eta han Aitor Ortizen lana ikusteko aukera izan genuen. "GAP>espazio sorra" izena zuen erakusketak eta areto honetarako bereziki prestatutako erakusketa bat da. Argazkiz osatutako erakusketa da, argazkiak eta argazki bidez osatutako eskultura batzu ere ikus daitezke.
Hasieran libreki erakusketa osoa ikusteko aukera izan genuen eta jarraian azalpenak eman zizkiguten, Aitor Ortizen lanaren inguruan zer zen berak lan hauekin transmititu nahi zuena, zein zen bere lan filosofia. Aitor Ortizen lanak arkitektura munduarekin izan du beti lotura. Bere lana nolabait definitzeko, eraikuntza fotografikoak direla esaten da eta ez eraikuntzen argazki hutsak. Benetan ikusgarria zen nola argazkietan argiarekin jokatuz hirugarren dimentsio hori perzibitu zitekeen, argazkiek sakonera bat zutela zirudien.
Argazki honetan bereziki, bertara gerturatu ahala barruan zeundela zirudien eta halako batean hor goitik, zerurantz edo aterako zinela. Ikusgarria! Besteak ez ditugu kontatuko, bakoitzak bertara joan eta ikus ditzala, bizi ditzala!

Ikusi nahi duenak oraindik badu aukera ikusteko izan ere erakusketa hau martxoaren 28rarte zabalik egongo da, asteartetik larunbatera 10.30etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.30etara. Merezi du bertara gerturatu eta lanak ikustea.
Ah! Erakusketa aretoa Koldo Mitxelenara sartu orduko eskubiko eskailerak jeitsi eta hortxe dago! Ez da liburutegi barrura sartu behar. Ondo pasa eta disfrutatu.

TEKNOGRAMA

Aste batzuk pasa dira teknogramarekin lanean hasi ginenetik. gure autobiografiak errepasatu ondoren nahikoa garbi genuen gure bideoan plasmatu nahi genituen ideiak zein ziren. Behin gidoia antolaturik grabazioak egiteari ekin genion. Saiakera batzuen ondoren nahikoa lan txukuna egin genuelakoan gure bideoa editatzeko asmotan lanean jarri ginen.
Dena oso ondo ateratzen ari zen, baina... izan ere zer da istorio bat bainarik gabe ezta! Ba hori, bideoa editatzeko lanean hastera gindoazela bideo editatzaileak ez zituen gure grabazioen formatoak irakurtzen, toma! Orain, bideo guztiei formatoa aldatu beharko!
Internetetik programa jeitsi eta egin genuen hori ere eta berriro bideoa editatzeko prest ginenean zer konturatuko eta bideoak formatuz aldatu bai, baina, era berean moztu egin zituen programa hark, kaka zaharra! Berriro hastera! Beste saikera baten ondoren, formatoak aldatu eta lanerako prest ginenean, gelak ordenagailuak ez zituen gure bideoak irakurtzen. Baina oraingoan ondo zeuden, etxean konprobatu genuen! Hau ez da posible! Azkenean gelako ordenagailuak haizea hartzera bidali eta geure ordenagailuan egitea erabaki genuen. Gaur, azkenean, asko kosta ondoren lortu dugu gure bideoari itxura ematea eta egia esan oso gustora gelditu gara azken emaitzarekin, gure lehen bideoa izateko ez dago gaizki. Bideoa ikusi nahi baduzue klikatu irudian.















Zer, ezin dela bideoa ikusi? Ziur al zaudete? Saiatu, saiatu berriro !

Ezetz! Broma bat zen. Bideoa ez dago oraindik ikusgai, azken ikutuak eta erremateak falta zaizkio baina laister jarriko dugu gure blogean. Hala ere eskertzen da interesa. Izan pazientzia pixka bat, egitea kosta zaigunarekin ezingo genuen ba zuentzat hain erraza utzi ezta? Emozio pixka bat ere ez dago gaizki. Laister izango duzue teknogramaren jarraipena gure blogean.

JARRAITUKO DU...

martes, 10 de marzo de 2009

ANDRES NAGELen erakusketa ikusgai

Ikusi dugun bideoan Zuhaizti ikastetxeko haur batzuk Andres Nagelek egindako obren erakusketa bat ikustera joan zireneko esperientzia kontatzen digu. Honela, erakusketa hori bisitatu eta haurrek ikusten zutenaren inguruko hipotesiak eta irudipenak azaldu ondoren, helburua ikastetxean zuten pareta huts bat betetzea zen; beti ere haurren sormena eta nahia bultzatuz. Helburu horretara iristeko hainbat bitarteko jarri dituzte: horma baten istorioa kontatzen duen ipuina landu dute , horma betetzeko ideia ezberdinak aurkeztu dituzte, haur eta irakasleen arteko ideia trukaketak burutu dira…

Gure ustez, ideia polita da Haur Hezkuntzako haurrak erakusketa batetara eramatea izan ere, zoritxarrez ez ohiko jarduera izan daiteke beraientzat, interesgarria eta aberasgarria sormena garatzeari begira. Honela, egunero ikusten ez diren objektuak ikus ditzakete aurrek, aurretik definitu gabeko zerbait; beraz, haurrek irudimena erabiliaz zer den asmatu beharko dute, joku bat bailitzan.

Baina bideoa ikusten ari ginen bitartean, une batean, zehazki, eskaileretan zer egin zitekeen hitz egiten ari zirenean, haurrak aspertu samar ere bazeudela iruditu zaigu. Gure ustez, oso positiboa da haurrak horman egin daitekeenaren inguruko proposamenak egitera bultzatzea eta beraien iritzi ezberdinak entzun eta ideia trukaketa egin ondoren guztien arteko adostasun batera iristea baina momento hori gehiegi luzatu denaren sentsazioa geratu zaigu, hau da, motzago ere egin zitekeela iruditu zaigu.

Hala ere, oro har oso positiboa iruditu zaigu haurrak erakusketara eramatea izan ere honela, ikusten dutenaren inguruan hausnarketa egin eta sormena garatzeko aukera ezin hobea iruditzen zaigu eta hori txiki-txikitatik egin beharrekoa da.

sábado, 7 de marzo de 2009

SORMENA

"¿Qué me dices de la creatividad? ¿Existe realmente en los niños?

Sherlock Holmes todavía está buscando la creatividad. No sabemos lo que es pero sabemos que existe. Quizá está más disponible de lo se cree y más infravalorada de lo que se piensa."

Escuelas infantiles de Reggio Emilia - La inteligencia se construye usándola.

viernes, 20 de febrero de 2009

¿Qué esta pasando?

Artikulu honetan irakasle eta hezkuntza munduko pertsonen formazioaren inguruko azterketa bat egiten da. Formazioa aipatzean askotan ikastaro teorikoak etortzen zaizkigu burura baina formazioa ez da alor ezberdinen inguruan ematen den edukia bakarrik, jasotako formazioa aplikatu edo egokitzeko gaitasuna, ulerkorra izatea, enpatia izatea ere bada eta hori bigarren maila batean uzten da askotan.
Bizi garen gizarte honetan formazioak sekulako garrantzia duela aipatzen da baina formazio horren ardura beti irakasleei egozten zaie, beraien ardura soilik bailitzan bezala, baina formazioa eskolatik haratago doan zerbait da eta horren kritika egiten du nolabait artikulu honek. Bestalde, formazio on edo egokia bat lortu nahi izatea normala eta beharrezkoa da baina zer da formazio on edo aberatsa? Formazio ona edo aberatsa ikasleek lortzen duten emaitza akademikoarekin parekatzen da askotan da baina emaitza akademikoek ez dute ziurtatzen ikasle horren ikasle horrek zenbat dakien, zein den bere egoera…
Hezkuntza sistemaren eredu gisara Finlandia aipatzen da behin eta berriz eta bertako ereduaren azalpen bat ematen da artikulu honetan. Hala ere, Finlandian bertan hezkuntzak, eskolak azken finean sekulako garrantzia dauka gizartean, hots, gizartean txertatu dago eta beraz, bertan parte hartzen duten irakasleak prestigioa eta gizartearen errekonozimendua dute eta zentzu horretan, irakasleek ere bertan ematen duten hezkuntza sistemaren parte dira eta irakasle izateko ere hainbat irizpide hartzen dituzte kontuan, gogorregiak agian?
Beste zenbait gizartetan berriz, goitik behera “inposatzen” da hezkuntza sistema eta askotan botere aldaketak ematen direnean hezkuntza sistema ere aldatu egiten da, ez hausnarketa baten ondorioz eta formazio egoki batean sakontzeko helburuarekin, interes politikoengatik baizik; horrek hezkuntza sistemari kalte nabaria egiten dio izan ere hezkuntza sistemaren garrantzia eta prestigioan eragiten du. Kasu hauetan, irakasleak ez dira hezkuntza sistema horren parte sentitzen eta beren lana agintzen zaion hori betetzera bideratzen da, egiten ari denaz eta jaso duen formazio horren inguruan gehiegi hausnartu gabe eta ikuspegi kritiko eta aldi berean eraikitzaile hori eragotziz.

martes, 17 de febrero de 2009

Aprender en red

Ann Lieberman-ek bere artikuluan National Writing Project-i buruz hitz egiten du. Proiektu hau idazketa eta alfabetizazioan oinarritzen den arren, proiektu hau irakaskuntzaren gainerako esparru guztietara egokitzea posible litzateke eta, hain zuzen, horixe egin beharko litzateke. Metodologia hau oso aberasgarria da, bai pertsonalki eta baita profesionalki ere. Kontuan izan behar dugu bakoitzak geure ikaskuntza beharrak ditugula, baina, ingurukoek gure antzeko beharrak izan ditzaketela. Bakoitzak dituen baliabideak erabiltzeaz gain, hauek besteei azaltzen badizkie, eta era berean taldekide guztiek beren baliabideak konpartitzen badituzte, jakintza orokor handia sor daiteke. Modu honetara taldearen ikasketa maila nabarmen haziko da. Gainera rol desberdinak betez, ikaslea oso tesitura desberdinetan aurkitzen da eta, batzuetan, ikasle paperean, besteetan, irakasle paperean egoteak, bere formakuntza aberasten du. Azken finean, eginez ikasten da, zentzumenen, komunitatearen eta nortasunaren bidez.
Plastikako irakasgai honek ibilbide horretan trebatzeko balioko digula uste dugu. Elkarrengandik ikasteko aukera egokia eskaintzen du, norberaren jakintzak taldekideen jakintzaz aberasteko abagunea. Ikas dezagun elkarrengandik eta elkarrekin!

Ikasgaiaren helburua zuen hitzekin komentatuko duzue: zer ulertu duzue zuek?

Zer ulertu dugun guk? Dudarik gabe, errazagoa da zer ez dugun ulertu esatea, izan ere hamaika galdera ditugu eta geroz eta buelta gehiago eman, orduan eta kezka gehiago sortzen zaizkigu; baina tira, baikorrak izango gara eta ulertu dugunaz arituko gara (ulertu ez duguna, lagunei eta irakasleari galdetzeko utziko ditugu).
Jaso dugun lehen inpresioa oso ona izan da; batetik, aurreko ikasturtean ezagutu eta aberasgarria iruditu zitzaigun proiektuan murgiltzeko aukera eskaintzen zaigulako eta bestetik, proiektu honek, hausnartzera, ideiak (ezagutzak eta usteak) berrantolatzera eta eraikitzera bultzatuko gaituelako.
Arlo honetan iaz izan genuen esperientzia oso ona izan bazen ere, gogoan dugu nahi adina fruitu jaso ahal izateko, lan asko egin genuela; hortaz, jakin badakigu aurtengo aldapa ere ez dela makala izando!

Ulertu dugunaren arabera, ondorengoa irudikatuko genuke: grafikoa.

K. Robinson-en ¿Matan las escuelas la creatividad? bideoa ikusi ondoren, zuen hausnarketak idatzi. (orri erdiko komentarioa).

Ken Robinson artista bat iruditu zaigu!

… eta galdera honen aurrean, gure erantzuna baiezkoa da. Guztiok dakigu zeri ematen zaion garrantzia eskolan eta zer den bigarren mailakoa; zoritxarrez, sormena bigarren multzo horretan kokatzen da eta batzutan, baita hortik kanpo ere. Ez al du lehen mailako postu bat merezi? Robinson-ek dioen bezala, ez al du alfabetatzeak duen garrantzi berdina?

Gure haur-ikasle esperiantziari erreparatzen badiogu, Robinson-ek aipatzen dituen hamaika kontu topatuko ditugu:

Gehienetan, zergatik margotu behar genuen denok egun/ordu berdinean eta askotan berdina? gehienetan, zergatik abestu-dantzatu behar genuen irakasleak proposatzen zuena eta berak proposatzen zuen momentuan? zergatik eskaini ziguten hain denbora gutxi sentitzen genuena adierazteko? zergatik erakutsi eta sentiarazi ziguten plastika-musika-heziketa fisikoa bigarren mailakoak zirela? … (ziur beste asko bururatu zaizkizuela zuei ere, ezta?).

Tamalez, gaur egun egoera oso antzekoa da eta Ken Robinson artista hutsa iruditu bazaigu ere, ez dugu uste berak bakarrik ezer asko egin dezakeenik! eta zuei?